XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRUGARREN ORDENA

IRUGARREN ORDENAKO GOGO-IZAERA

I. LENENGO BEREIZGARRIA: JESUKRISTO GURUTZILTZATUAREN ANTZEKOA IZATEA.

I. Erlijiosoak beren Ordenetako grazi ugariak artzeko beren Irasle edo Fundadore ta Lege-emallearen antzekoak izatera egin bear dute.

Irugarren Ordenako senideai ere esaten die XIII Leonek Auspikato enziklikan: Gure aolku edo konsejurik aundiena da Franzisko Santuaren irudikoak izatera jo dezazutela; ori egiten ezpada, Irugarren Ordenagandik itxoegiten dan ona utsa izango litzake ta.

XV Benediktok (Sacra propediem) eta XI Piok (Rite expiatis) Asisko Franzisko Santua Jesukristoren irudirik bikañena deitu dute bere bizia Jesukristorenaren erakoa izan zalako ta Jesukristok bere zauriak ezarri zizkiolako.

Franzisko Santuagan diztiatu zuten beste onbide edo birtuteen gañetik jaunmaitetasun edo karidadak diztiatu zuan, egaztien gisara lurra doian ukitu ta zeruko gauzak biotz guziz maite izan bai zituan (XII Pok 1951''ko martxoaren 23''an ).

Jesukristo Gurutziltzatuarenganako maitetasun gartsuak eragin zion Arren antzekoa izatera beartasunean, apaltasun edo umiltasunean, bizi-laztasun eta lagun-maitetasunean.

Jaungoiko Aitarenganako nai xamurrak berriz, lurrean Bera bakarrik nai izatera, aurtxo baten eran Beragan uste osoa jartzera ta Berak eman da bialduarekin beti alai egotera eragin zion.

Irugarrendarrak, beren Aita ta Lege-emaillearen gisara, Jesukristo Gurutziltzatuaren antzekoak izatera jo bear dute beartasunean, apaltasunean, umiltasunean eta ildura guzian.

XIII Leonek, XI Piok eta XII Piok diotenez, batez ere penitentzi ta ilduran eta lagun-maitetasunean Frantzisko Santuaren irudikoak egin bear dira.

1. ILDURAK ZER ONBIDE ARTZEN DITUAN.

Jaungoikoaren naiarekin bat etorri ta kristau oso egiteko pekatua kendu ta pekaturako griñak ezi bear dira, batez ere, arrokeria, zikoizkeria ta lizunkeria.

Orretarako Jaungoikoak graziarekin batera animan ezarri dizkigu goiko onbide edo birtute batzuk, penitentzia, ildura, beartasuna, garbitasuna, apaltasuna (umiltasuna) menpetasuna (aginduak egitea).

Penitentziak ontara eragiten digu: pekatua gorroto izan ta ez geiago egin ta egiña ordaintzera; ildurak, griña gaiztoai gogor egitera; beartasunak, biotza, gogoz beintzat, ondasunetatik askatzera; garbitasunak, gorputzeko atsegin-zalekeria ezitzera; apaltasun edo umiltasunak gure buruari bear dan neurrian eder izatera; mendetasunak (obedientziak), nagusiaren mendean bizitzera.

Onbide guzi auek beartasun izenean sartzen zituan S. Frantziskok.

Irugarrendarrak arian, arian, arian birtute auek azi egin bear ditu.

2. ILDURA EDO MORTIFIKAZIOA JAUNMAITETASUNAREN ( KARIDADEAREN) ETSAIAK GARAITZEKO BIDE BAKARRA.

Jaunmaitetasunaren iru etsai nagusiak ezitzeko Erlijiosoak, mendetasun (obedientzi), beartasun ta garbitasuneko botoak egiten dituzte, baño boto oiek beartasun, mendetasun ta garbitasuneko onbideak, birtuteak, irixteko dira.

Irugarrendarrak boto oiek ez dituzte egiten, beren bizierak galerazten dielako: Irugarren Ordenako izaerak ordea, A. San Frantziskok eta Eliza Santuak ala nai ta, penitentzi, ildura, beartasun ta mendetasun birtuteak irixteko eskatzen die Irugarrendarrai.

3 S. FRANZISKOREN ALDIKO NABARMENKERIA.

Frantzisko Donearen garaian izugarrizko jantzi ta jostaketa naikeria zan; artuemanen zebiltzenak zikoizkeriz al zutena irabaztera egiten zuten; lizunkeri nabarmena ain zabaldua zegon, etzan iñor arritzen ta onak berak eraman bearra bezela artzen zuten; alkar eziñ-ikusiak, erriertak, gerra etengabeak zituzten pamiliak pamiliakin, erriak erriekin, laterri edo estaduak estaduakin.